Soraya Lopez sortutako kartelak iragarriko ditu aurtengo Inauteriak. Aurkeztutako lanak Alondegiko sarreran ikus daitezke, eta jasotzen diren botoen bidez erabakiko da herritarren saria.
Hilaren amaieran egingo diren Inauteri jaiak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du aurten ere Zumaiako Udalak. Bi sari emango dira: epaimahaiak aukeratutakoa batetik, eta herritarren saria bestetik. Lehenaren emaitza gaur iragarri du udalak.
Soraya Lopez sortutako lana izan da lehiaketako irabazlea, eta irudi hori erabiliko da festak iragartzeko. 300 euroko saria jaso du Lopezek.
Herritarren saria, berriz, Alondegiko sarreran dagoen erakusketan jasotzen diren botoen bitartez erabakiko da. Bi lagunentzako otordua eskuratuko du herritarrek hautatutako kartelaren egileak.